XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, berriro ere esango dugu ikastea oroimeneko arrastoak gogora ekartzean eta horiek elkarrekin lotzen dituzten loturak tinkatzean datzala.

Bestalde, esan genezake esanahiak duela leku nagusia ikaskuntzan eta berariaz errepikatzen aritzea ez dela beharrezko arrakastaz ikasteko. Horiexek dituzu bi funtsezko puntu oso aintzat hartzekoak hizkuntza arrotzeko hiztegia irakasteko didaktika sano bat eraiki nahi duzunean.

Ez baitago inolako arrazoirik esateko bat dela H2ko hiztegi-kontuetan janzteko modua eta beste bat H1ekoan janztekoa. Ez naiz hemen arituko puntu honek duen garrantzia azpimarratzen; gero helduko diot gai horri (ikus 5.1). Datorren atalean, elkarketa-jokoei eta oroimen semantikoaren eite pertsonalari buruzko ñabardura batzuk azalduko ditut.

3.3.2 Elkarketak

Hiztun elebakarraren adimeneko hiztegian dauden sareen izaera argitzeko eta sare horiek martxan nola jartzen diren (hots, nola ikasten dugun) azaltzeko, elkarketa-testak erabili izan dira sarritan.

Horrelako testetan hitz bat aurkezten da eta subjektuei eskatzen zaie ahalik azkarren bota ditzatela horrekin lotura duten beste hitz bat edo gehiago. Guri hemen interesatzen zaizkigun esperimentuetan maizenik estimulu bakoitzeko hitz bat bakarrik eskatzen da (eta ez erreakzio-andana bat).

Horrelako testak ama-hizkuntza bereko helduekin egiten direnean, erantzunen estereotipia izaten da deigarriena. Askotan gertatzen da subjektuen %70ek berdin-berdin erantzuten dutela estimulu baten aurrean.

Horrela, gertatzen da black (beltza) hitzak berehala white (zuria) ekarri ohi duela, man-ek (gizona) woman) duela segituan berekin, edo bread-ek (ogia) butter (gurina) gogorarazten duela.

P. Meara-k (1980: 234), harenak baitira adibide horiek, dio ingelesak estereotipo asko dituela beste zenbait hizkuntzaren aldean: frantsesa, nederlandera, italiera edo poloniera, esaterako. Egiatan, A.M.B. de Groot-ek (1980) ez du %50 baino gehiago aurkitu nederlanderan.